'Eibarko Industrien Ekosarea’ programaren berri eman ondoren, Eibarko 18 industria-enpresa txiki eta ertainek hartu dute parte ekimenean

25/05/2023

Enpresei eskainiko zaizkien zerbitzuek helburu hauek dauzkate: energia-eraginkortasuna handitzea, karbono-aztarna murriztea, ingurumen-legeriara egokitzea eta hondakinak kudeatzea eta balioa handitzea 

Eibarko Udalak 'Eibarko Industrien Ekosarea' izeneko programa jarri du martxan. Programa horren helburua Eibarko industria-sarearen lehiakortasuna handitzea da, enpresei ingurumen-iraunkortasunarekin lotutako jarduerak ezartzen laguntzeko eta, era horretan, beren negozioak Agenda 2030en estrategiarekin bat egiteko.

Programa hau martxan jartzeari buruz, Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du: "Udalak ingurumenarekin duen konpromisoa argia da, eta, horregatik, gero eta politika eta ekimen gehiago bultzatzen ditugu herriko jarduera guztien ingurumen-inpaktua ahalik eta gehien murrizteko".

Horregatik, Iraolak gaineratu duenez, "ingurumenaren ikuspegitik gero eta jasangarriagoak izateko ahaleginean inplikatu nahi ditugu eragileak". Eta, alde horretatik, "programa hau oso erabilgarria izango da industria-enpresek helburu horretan aurrera egitea ahalbidetuko dieten irtenbideak aplika ditzaten."

Alkateak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten enpresei, "programa honetan parte hartzeagatik, Eibarko industria-sarearen ingurumen-iraunkortasunarekiko eta lehiakortasunaren hobekuntzarekiko erakutsi duen konpromisoa funtsezkoak baitira ekimen honek arrakasta izan dezan."

Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak eta Ingurumen Sailak bultzatuta, programa martxoan hasi zen, enpresen artean informazioa zabalduz. Prozesu honen ondorioz, ezarritako baldintzak betetzen dituzten 18 enpresa txiki eta ertainek eskatu dute programa honetan parte hartzea.

Consultoría y Formación Margube SL enpresak du ingurumen-iraunkortasunarekin zerikusia duten ekintzak gauzatzeko eta horietan parte hartzen duten enpresei laguntzeko ardura.

Eskaintzen diren zerbitzuek ETEek ingurumenaren arloan dituzten erronka nagusiei erantzuten diete. Hala, energia aurrezteko azterlanak egingo dira, energia-eraginkortasuna handitzeko; erakundearen karbono-aztarnaren kalkulua aterako da berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa murrizteko; ingurumen-araudiari begira, egokitzapenak egingo dira indarrean dagoen legeria betetzeko; eta lan egingo da zero-hondakinen politikak abian jartzeko, hondakinak murrizteko eta hondakinen balioa handitzeko. Hori lortzeko, Margube enpresako iraunkortasun- eta berrikuntza-talde teknikoak buruz buru jardungo du lanean hautatutako enpresekin.

Programak 12 hilabeteko iraupena izango du guztira, eta bertan parte hartzen duten enpresa txiki eta ertainei 800 orduko aholkularitza tekniko aditua eskainiko die, enpresa bakoitzak eskatzen dituen ingurumen gaietan. Enpresa bakoitzerako ekintza-planak zehazteaz gain, orduen parte bat adostutako neurriak ezartzen jarraitzeko eta laguntzeko erabiliko da.

Parte hartuko duten enpresak, hainbat industria-sektoretakoak eta 2-46 langile bitartekoak, honako hauek dira: Aibe Mecánica de Precisión, Aplicaciones Prácticas Electrónicas, Azcoaga Hermanos, Beltrán Ascensores, Domingo Guisasola, Hanna Instruments, Industrias Lojan 2003, Alfonso Goy (Inprone), Iris Chains, Aceites Industriales Eibarlar, Manufacturas Resort, Mecanizados Cimer, Mecanizados Mein, Mim-Tech Alfa, Neurtek, Rafael Lapeyra, Suministros Evia eta Boj Olañeta.

Eibarko udalak sustatutako programa: